'Katxiporreta I misioa': estratosferara bidaliko ditugu Pirritx, Porrotx eta Marimotots!

Dakizuen bezala, Aranzadi hankaz gora jartzen ari gara maiatza-ekaina aldean Nazioarteko Espazio Estazioko astronautekin egingo dugun konexioa dela-eta. Ikasleak ilusio handiz ari gara gaia lantzen, eta ezin ukatu oso emozionatuta gaudela! Motorrak berotzeko, hainbat ekimen antolatzen ari gara datozen aste eta hilabeteetarako.

Eguraldia lagun badugu, apirilaren 6an, larunbata, helioz betetako globo handi bat bidaliko dugu estratosferara (Lurretik 30 kilometro ingurura), eta bertan bidaiatuko dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen panpinek. Bi ordu inguruko bidaiaren ostean, globoa lurreratu egingo da aurreikustea ezinezkoa den lekuren batean. Ikastolako hainbat lagun (ikasleak, gurasoak, irakasleak...) globoaren atzetik joango gara GPSaren seinaleak jarraituz, eta pailazoak Bergarara bueltan ekarriko ditugu.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin hitz egin dugu, eta ilusio handiz jaso dute berria. Misioari 'Katxiporreta I' izena jarri diote, eta emozioz gainezka daude! Apirilaren 6an ezingo dira gure artean egon, baina… Tantatatxannnnnn! Apirilaren 5ean, ostirala, Porrotx eta Marimotots Ikastolara etorriko dira! 

 

APIRILAK 5, OSTIRALA:

10:30etatik 12:00ak bitarte, Porrotx eta Marimotots pailazoak Ikastolan izango ditugu. Ikuskizun edo eginkizun bat antolatu dute etapa bakoitzerako, beraz, ikasle guztiok izango dugu aukera beraiekin egoteko.

Gainera, 'Katxiporreta I' misioan bidaiatuko duten panpinak entregatuko dizkigute, guk globoan txintxilikatu ditzagun.

 

APIRILAK 6, LARUNBATA:

'Katxiporreta I' misioaren eguna. 10:30ean elkartuko gara seminarioko patioan, eta interesa duten herritar guztiak deitzen ditugu ekimenean parte hartzera. Eguraldia izango da baldintza nagusia: hego haizea badago, atzeratu egin beharko dugu misioa, globoa itsaso aldera joango delako.

Globoa jaurti ostean, egun-pasa egitera animatzen garenok bere atzetik joango gara GPSaren seinaleak jarraituz. Lurreratzea ikusi eta pailazoak bueltan ekarriko ditugu Bergarara!

 

Oñatiko hainbat lagunek 2014an egin zuten ekintza berbera: Txantxikua bidali zuten estratosferara, eta Vianan (Nafarroa) berreskuratu zuten (ikusi bideoaren hasiera eta amaiera).