Aurrematrikulazioa

Urtarrilaren 18tik 29ra izango da 2021 - 2022 ikasturterako aurrematrikulazio aldia, eta Aranzadi Ikastolak horri buruzko informazioa ahalik eta modu praktikoenean helarazi nahi dizue. Haur Hezkuntza (HH), Lehen Hezkuntza (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aurrematrikula egiteko aldia izango da.

Ate irekiak abenduan eta urtarrilean

Abenduko eta urtarrileko egunetan Ikastolako ateak parez pare irekiko ditugu gure familia txiki-handia ezagutu nahi duen ororentzat. Covid-19a dela-eta, bisitak familiaka egingo ditugu, eta, nola ez, segurtasun-neurri guztiak errespetatuko ditugu, denok gustura eta lasai egon gaitezen. Etor zaitezte inongo konpromisorik gabe, gure pedagogia-proiektua, instalazioak eta zerbitzuak lehen pertsonan ezagutzeko aukera eskainiko baitizugu. Gainera, pedagogia-zuzendariak atsegin handiz erantzungo ditu zuen galdera eta zalantzak. Hitzordua adosteko, dei ezazue 943 76 90 71 telefono-zenbakira.

2019an jaiotako haurrak

Aurtengoan aurrematrikulazioa bereziki esanguratsua izango da 2019an jaiotako haurrentzat. Izan ere, batek baino gehiagok emango du 2 urteko gelan eskolaratzeko pausoa. Erabaki garrantzitsua da, eta nahiko genuke ziurtasunez eta ilusioz hartzea. Horretarako biderik egokiena da Ikastola barrutik ezagutzea, beraz, zatoz bisita egitera!

 

Zergatik Ikastola?

Hamaika arrazoi ikastolakide izateko; topatu zureak!

  • Bertakoa, herrikoa delako

Herritik, herriarentzat eta herrirako sortutako proiektua da Ikastola. Denona eta denontzako, baita zuretzat ere.

  • Euskal Herrikoa delako

Muga administratiboez gaindi, Euskal Herri osoan hezkuntza euskalduna, eredu propioduna eta kalitatezkoa eskaintzen duten hezkuntza-erakunde bakarrak dira Ikastolak.

Gainera, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteko kide ere bada. Sortze fasean, garapen fasean edota krisian diren Ikastolak zein proiektuak aurrera atera ahal izatea da elkarte horren xedea.

  • Euskalduna delako

Euskaran eta euskal kulturan ardaztutako proiektu multikultural eta eleanitza garatzen du Aranzadi Ikastolak. Horretarako sortu zen eta horretan jarraituko du. Ikasleek euskaraz bizitzeko behar dituzten giroa eta bitartekoak eskaintzen ditu Aranzadi Ikastolak.

  • Berdea delako

Ikastolak energia %100 berriztagarria kontsumitzen du, Goeiner energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibarekin duen hitzarmenari esker.

Sukalde propioa du eta bertan prestatzen dira gure ikasle guzti-guztien otorduak.

  • Ikaslea jartzen duelako erdigunean

Haurren jakin-min eta senetik abiatuta, jakitearen paradigmatik egitearen, erabiltzearen paradigmara egin du jauzia Ikastolak. Izan ere, Ikastolaren egitekoa ez da irakastea soilik, pertsona osoaren garapenaz arduratzea baizik. Haur eta gazteak bizitza osoan ikasten jarraitzeko prestatzen dia, aurrera egiten ikasteko. Horretara bideratuta daude profesionalen lana zein Ikastolako eraikin eta espazioak.

  • Eraldatzailea delako

Jendartearen beharretara egokitutako eskaintza pedagogiko eraldatzaile eta berritzaileak garatzen ditu Ikastolak, teknologia eta bitarteko propio berrien bitartez.

  • Lantalde egonkorra duelako

Aranzadi Ikastolako langile gehienak langile finkoak dira eta konpremituta daude Ikastolen proiektuarekin. Ikusi lantaldea.

  • Kooperatiba delako, irekia eta denena

Modu parte-hartzaile eta profesionalean kudeatutako herri onurako kooperatiba da Aranzadi Ikastola, irabazi asmorik gabea. Herrikoa eta parte-hartzailea, beraz. Bazkideek osatzen dute Ikastola eta haiek marraztu bere ibilbidea. Hala nahi duen bazkide zein guraso orok du horretan parte hartzeko aukera. Elkarlanean sinesten du Ikastolak.

Informazio praktikoa

Aranzadin matrikulatzea erabakiz gero, urtarrilaren 18tik 29ra pasa zaitezte Ikastolako idazkaritzatik inprimakiak betetzera.

Honako dokumentazioa ekarri beharko duzue:

  • Familia liburuaren fotokopia.
  • Familia unitatearen errolda egiaztagiria.
  • Gurasoen edota legezko tutoreen nortasun agiriaren fotokopia.
  • Haurraren argazki bat (2 urteko gelako kakoan jartzeko da).

Bisita gidatuak ikasturte osoan zehar

Aurrematrikulazio-aldia egun batzuetara mugatzen den arren, jakin ezazue ikasturte osoan zehar egiten ditugula bisita gidatu eta elkarrizketa pertsonalizatuak maila guztietako ikasle eta gurasoekin. Gure pedagogia-proiektua eta instalazioak lehen pertsonan ezagutzeko aukera eskaintzen dugu, eta atsegin handiz erantzuten ditugu zuen galdera eta zalantzak.

Ikasturtean zehar bisita gidatua hitzartu nahi izanez gero, deitu 943 76 90 71 telefono zenbakira.

Erreferentziazko pertsona: Garbiñe Martinez Mujika (Ikastolako pedagogia-zuzendaria).