Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Euskararen aurkako erabakien aurrean, elkartasuna eta konpromisoa

Seaskako ikasleen erabakiaren eta Nafarroako ikastolen aurkako erasoaren aurrean, babesa eta atxikimendua adierazi nahi diegu euskararen alde eta euskarazko hezkuntzaren defentsan ari diren ikasle, familia eta hezkuntza komunitate guztiei.

Lodosako_adierazpena_1

Azken egunotan ezagutu ditugun albisteek berriro ere agerian utzi dute euskarak eta euskarazko hezkuntzak etengabeko oztopoei aurre egin behar dietela gure herrian. Batetik, Seaskako ikasleek iragarri dute Baxoko matematikako azterketa euskaraz erantzungo dutela, Frantziako Estatuak euskaraz egiteko aukera ukatu dien arren. Ikasleek argi adierazi dute ez dutela onartuko beren hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzea, eta desobedientzia ariketa kolektibo baten bidez aldarrikatuko dute euskaraz ikasi dutenek euskaraz ebaluatuak izateko duten eskubidea.

Bestetik, Nafarroan ere kezka handiz jarraitzen ari gara ikastolen aurka hartutako erabakiak. Horren harira, “Lodosako Adierazpena” gero eta babes gehiago jasotzen ari da. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak hainbat ikasgela ixteko hartutako erabaki arbitrarioak kolokan jartzen ditu urte luzez herriz herri eta auzolanean eraikitako hezkuntza-proiektuak, eta zuzenean erasotzen du euskaraz ikasteko eskubidea. 

Aranzadi Ikastolak gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi die egoera hau pairatzen ari diren ikasle, familia, irakasle eta komunitate guztiei. Ez dugu onartzen euskaraz bizi, ikasi eta hezi nahi duten herritarren eskubideak murriztea. Euskarazko hezkuntza ez da pribilegio bat: herri honetako milaka familiaren hautu legitimoa eta eskubidea da. Eta Euskal Herriko Ikastolak, sare nazional eta herritarra, da horren erakusgarri.

Ikastolak herritik sortutako proiektuak gara, komunitatea eraikitzen dugun espazioak, eta euskararen biziberritzean ezinbesteko eginkizuna dugu. Horregatik, euskararen aurkako eraso bakoitzaren aurrean elkartasunez eta irmotasunez erantzutea dagokigu. Gaur Seaskako ikasleak dira beren hizkuntza eskubideen alde altxatu direnak; gaur Nafarroako ikastolak dira beren etorkizuna defendatzen ari direnak. Baina auzia guztiona da, guztioi dagokigu.

Euskaraz ikasi nahi dugu, euskaraz bizi nahi dugu eta euskaraz etorkizuna eraikitzen jarraituko dugu.

Berria: Seaskako ikasleek desobedientziara joko dute.
Orokorra

Bidelagun egitasmoa su geldoan, konpromisoz eta zaintza-ikuspegitik egituratutako proiektua da. Parte hartzen duten familiek gorpuzten dute eta, lehen aldiz, topaketa baten bueltan elkartu dira hainbat.

DBH

Sukaldaritza-lehaiketak bigarren edizioa izan du aurtengoa. Ekimenak talde-lana, sormena eta sukaldaritzarekiko grina sustatzen ditu helburu, eta esperientzia ederra izan dela aitortu dute gaztetxoek.

DBH

Debagoienean hamaika aukera dugu bioaniztasunaz, geologiaz eta, oro har, naturaz gozatzeko. DBHko 1. mailako ikasleek horretarako aukera izan dute Arantzazura egindako irteeran.

BATXI

Apirilaren 25ean, Arrasatek euskarazko sormen jaialdi berezi bat hartuko du: Piztu Plaza. Ikastolen Elkartea-k bultzatuta, Batxilergoko eta Lizeoko ikasleak izango dira protagonista nagusiak, eta egun osoko egitarauak…